XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

K.Ameztoy: Haurrak bizitzen ikasten du ipuinarekin

Ipuineko protagonistak herensugearen kontra borroka egiten duenean, entzuten dagoen haurra bizitzan aterako zaizkion herensuge ugarien kontra borroka egiteko prestatzen ari da.

Hori da Koldo Ameztoyren tesia.

ESTATU frantsesean 150 ipui kontalari dira, ipuiak kontatzetik bizi direnak.

Beste edozein artistak bezala, cachet bat dute, bataz besteko 100.000 pezetakoa eta herriz herri, jaialdiz jaialdi ibiltzen dira.

Guzti horren berri apenas zekien duela hamairu urte Koldo Ameztoy Iparraldeko ikastoletan eta irratietan ipuiak kontatzen hasi zenean.

Hemengo AEK-ko arduradun nintzen eta euskarazko irratsaio bat egiten hasi nintzen Radio Adour-Navarren duela 13 urte eta han hasi nintzen tarteka ipuinak kontatzen.

Orduan ez nekien nik Estatu frantsesean zehar kontalari profesionalak zirenik eta hare gutxiago ni neu ere egunen batean horretara dedikatuko nintzenik, kontatzen du.

Ikastoletatik deika hasi zitzaizkion eta poliki poliki sartu zen mundu horretan.

Milaka ipuin kontatu ditut nik Iparraldeko ikastola eta eskoletan.

Azken urteotan, hala ere, ikastoletatik gutxiago deitzen didate eta helduentzako lan gehiago egiten dut, jaialdi eta festetan batipat.

Beti ere errazagoa da haurrentzat lan egitea.

Helduek prejuizio gehiago dituzte.

Neri zortzi-bederatzi urte inguruko haurrak asko gustatzen zaizkit.

Ipuinen egarria dute eta aski da elementu kontrajarri batzuk erabiltzea, beldurra eta lasaitasuna esaterako, ipuinaren munduan sartzeko.

Garai batean mundu guztiak ikasten zuen ipuinak kontatzen.

Orain, gizarte urbanoan, telebistak eta beste zenbait kultur medioek kontatzen dituzte ipuinak, baina hala ere, ez dago haurrarentzat zuzeneko kontaketa bezalakorik.

Kultura urbanoan, Parisen esaterako, berriro indar handia hartzen ari dira kontalariak.

Estatu mailako elkartearen barruan badago Parisen beste elkarte txiki bat Amona Kontalariak izenarekin eta amona pilo bat biltzen dituena.

Euskal Herrian ni neu bakarrik dedikatu naiz honetara, baina badatoz ondotik.

Pello Añorga, esaterako, egun erdiz egiteko honetara dedikatzen hasi da eta oso ona da, esaten du.

Koldok ehun bat ipuin dakizki buruz, baina lagunartean oso erraz egiten ditu barianteak eta asmatzen ditu berriak.